Jaun/Andre agurgarria:

Lehenik eta behin, aukera baliatu nahi dut bizi dugun egora zail honetan onena opatzeko zuri eta zure inguruko guztiei.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak EAEko 2000. urtetik hona egindako ikerketen berri emango duen Euskarari Buruzko Ikerketen Direktorioa egiten ari da. Egitasmoaren helburu nagusiak honako hauek dira: euskal ikerkuntza soziolinguistikoan, bere zentzu zabalenenean ulertuta, azken 20 urteetan egin denaren berri jasotzea; gai edo eremu zehatz batean dagoen jakintza akademikoaren edo aplikatuaren berri izateko balioko duen tresna bat sortzea; eta ikuspegi kuantitatibo batetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azken 20 urteetan egin diren ikerketen mapeoa, ezaugarritzea eta deskribapena egitea. Horrekin batera, bigarren mailako helburuak honakoak dira: euskal ikerkuntza soziolinguistikoan egiten ari denaren berri ematea; ezagutzaren zabaltze horrekin, beste ikertzaileei zein balizko erabiltzaileei ikerlanen fruituak baliatzeko parada areagotzea; eta aipatutako ikerketak egiten dituzten eragile nagusiek aurrerantzean ere direktorio hau elikatzen jarraitzeko modua ezartzea.

Azterketaren kalitatea bermatze aldera, ezinbestekoa da zure parte hartzea. Horregatik, mesedez eskatzen dizut zure esku dagoen guztia egin dezazun datu-bilketa errazteko. AZTIKER ikergunea arduratuko da azterlanaz eta datu-bilketaz. Egitasmoa AZTIKEReko Asier Etxenikek zuzentzen du, eta datozen egunotan bera jarriko da zurekin harremanetan jarraibideak azaltzeko.

Bizi dugun egoeraz jabetzen naiz, eta horrexegatik aldez aurretik eskertu nahi dizut egitasmoa ondo bideratzen lagunduko diguzun guztioi erakutsiko duzun prestutasuna.

Edozein zalantza izanez gero, jarri zaitez, mesedez, harremanetan Josune Zabala andrearekin (Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazio zuzendaria): Tel. 945 01 94 56; hps-koordinazioa@euskadi.eus

Vitoria-Gasteizen, 2020ko ekainaren 29an.

Adeitasunez, agurtzen zaitut.

Miren Dobaran Urrutia

Hizkuntza Politikarako sailburuordea