Donostian, 2021eko otsailean

Kaixo, lagunak:

Gizarte zibil eta herri mugimenduen baitan azken urteotan gertatzen ari diren aliantzek eta dinamikek esperientzia interesgarriak sortu dituzte, eta horren ondorioz eszenatoki berriak agertzen ari dira. Dinamika horiek aztertzen ari gara EHUko zenbait ikerketa talde (ikerketa horren oinarrian Gipuzkoan lehenago egindako beste hau dago). Urte batzuk daramatzagu proiektu horrekin eta, orain, Covid-19ak herri mugimenduen dinamiketan eta parte-hartze soziopolitikoan izan duen eta izaten ari den eragina aztertu nahi dugu galdetegi baten bidez. Horretarako, oraingoan gai hauetan aditua den Aztiker Soziologia Ikergunea Kooperatibari eskatu diogu galdetegia osatzeko eta informazioa biltzeko lana burutzea.

Baina lan hau ezin izango dugu aurrera eraman zuen laguntzarik gabe, eta horregatik idazten dizuegu. Izan ere, lehenengo pausua herri mugimendu eta ekimenen zerrenda egitea da, ondoren, bilketa horretan agertuko zaizkigun talde/ekimen/eragileetako batzuei galdeketa egin ahal izateko. Zer behar dugu? Zuen onespenaren ondoren bidaliko dizuegun galdetegia bete dezazuela. Bertan galdetuko zaizue:

  1. Zuei dagozkizuen oinarrizko datu gutxi batzuk.
  2. Zuekin batera azkenengo 2 urteotan harremanetan egon diren talde/ekimen/eragileen* erreferentziak. Azken hauei beste gutun bat bidaliko genieke, orain zuei eskatzen dizuegun informazioa beraiek ere bete dezaten. Horretarako, ahal dela, eskertuko dizuegu talde horietako kontaktua helaraztea (ahal dela, taldearen kontaktua, eta ez taldeko norbanako batena).

Gure aldetik, konfidentzialtasuna bermatzeko kompromisoa hartzen dugu, eta beraz, horretarako behar diren neurriak hartzen ditugu eta hartuko ditugu. Bestalde, gure lana publikoa da eta uste dugu horren emaitzak interesgarriak eta erabilgarriak izan daitezkeela mugimendu guztientzat; eta merezi duela, hortaz, ahalegina. Argi utzi nahi dugu, hala ere, informazioa partekatzea guztiz borondatezkoa dela, eta ulertuko genukeela ezetza.

* Ikerketan honako definizioaren barruan sartzen diren talde/ekimen/eragileak aztertzen ari gara: besteak beste, Herri mugimenduen edo gizarte zibilaren baitan kokatzen diren eta eraldaketa soziala bultzatzen duten talde/eragile/ekimenak dira inkestan kontua hartu nahi ditugunak.

Galdetegiarekin lotuta edozer zalantza edo galdera izanez gero, idatzi ahal diguzue honako helbide honetara: eramirez@aztiker.eus; proiektuaren inguruan zalantza orokorrak argitzeko: aliantzak.hefa@ehu.eus

Eskerriko asko,

Mari Luz Esteban – AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldea

Josu Amezaga – NOR Ikerketa Taldea

Iñaki Barcena – EKOPOL Ikerketa Taldea

Julen Zabalo – PARTE HARTUZ Ikerketa Taldea